XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldaketa elektrikoak eta magnetikoak

XVII. eta XVIII. mendeetan elektrizitate mota bi ezberdintzen zituzten zientzilariek.

Bata beira igurtziz sortzen zena eta bestea anbar izeneko erretxin fosiletik sortutakoa.

Baina zergatik gertatzen ote da igurtzitako material horietan beste material arin batzuekiko erakarpena edo aldarapena?

Materialak, beraien izaeran, partikula txiki batzuez osoturik daude eta partikula hauek, beste propietateen artean, karga elektrikoa deritzona dute.

Karga hau bi motatakoa izan daiteke: positiboa (+) eta negatiboa (-).

Bi karga elektrikoen artean elkarreraginak sortzen dira beti; kasu batzuetan, ikur desberdineko kargak badira, erakarpena izango da eragin hori, eta besteetan, kargak ikur berdinekoak badira, aldarapena, hor beheko irudiek adierazten duten bezala.

Egoera arruntean material gehienak neutroak dira, hau da, karga positiboak (+) eta negatiboak (-) berdinak dira.

Baina zenbait material beste batekin igurtzitzerakoan, horietako batek dituen karga negatiboak (-) edo elektroiak bigarrenari pasatzen dizkio.

Honen ondorioz, batek ohikoak baino karga positibo (+) gehiago ditu eta besteak ohikoak baino karga negatibo (-) gehiago.

Horrela, materialak kargaturik daude, bakoitza bere kargarekin eta beraien arteko erakarpena gerta daiteke.

Metalak igurtzitzen ditugunean, ordea, nahiz eta kargen bereizketa berdin gertatu, sortzen den partikulen mugimendua oso erraza da material hauetan (eroankortasun elektriko handia dute) eta kargatzen diren momentuan bertan berehala deskargatzen dira guregana pasatuz.

Horrexegatik ez dute adierazten beste material batzuek duten ahalmena elektrizitate mota hau sortzeko beraiekin kontaktu egitekoan ez badugu isolatzaile bat erabiltzen behintzat.

Karga negatibo, edo elektroiak, gorputz batetik bestera aldatzen direnean korronte elektrikoa sortzen dela esaten dugu.

Kargen mugimendu hau kargen arteko elkarreraginak sortutakoa besterik ez da.